XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskara hitzak gaur substantibo itxura badu ere, segur asko berez adizlaguna izango zen -ara, -kara atzizki eratorle ointzat harturik.

Hala, adibidez, gogara.

Beraz, hau honela izanez gero, euskaraz hitz egitea hitzez hitz vasconicé loqui litzateke, edo, honela ere esaten zen romanice loqui esaldiaren tankerako hitza.

Nola nahi ere gauza bat dago argi hemen: Euskaldunek daukaten herri kontzientziaren elementu nagusia euskal hizkuntzaren jabe izatea dela.

Beste zer harrigarri bat ere bada Euskaran.

Hizkuntza prerromatarra eta prearioa ere izanik, XX garren mende arte bizirik heldu zaigu, nahiz eta alderdi guztietatik erromatar tankerako hizkuntzez edo behintzat indo-europar hizkuntzez inguraturik egon.

Europako mendebalean ez da beste kasurik ezagutzen.

Kasu bakarra dugu.

Euskal Herria bisitatu duten atzerritar asko jabetu dira euskararen tankera berezi honetaz, historian zehar honelako izenekin ezagutzen den euskararenaz: lengua vasca, lingua navarrorum, lengua cantábrica, lengua vascongada, eta vascuence, beste batzuren artean.

Baina kontzientzia hau askoz handiagoa da hizkuntz zientziak joan den mendean egin zuen aurkikundetik hona.

Aurkikunde horren arabera, hala hizkuntza greko-latinoak nola anglo-germaniarrak, zeltarrak eta eslaviarrak familia berekoak dira: indo-europar familiakoak hain zuzen.

Honela euskararen enigma nabarmendu egiten da, ezein familia ezagunetan lekutzeko posibilitatea laburtu egin baita.

Gertakari honek anitz problema planteatzen du.

Baldin indo-europar mareak arras harrapaturiko hedaduran euskara uharte gisa agiri bada, nola explikatu iraupen hau? Munduko zein lehengo edo oraingo hizkuntzaren ahaide dugu? Beste nondikbait etorria bada, nondik eta nola etorri zen? Zer hedadura eduki zuen lehenengo? Hizkuntzalariak egiten dituen galderak asko eta handiak dira.

Ez da, bada, harritzekoa euskarak hainbat laterritako hizkuntzalarien, jakintsuen eta gizon kultoen arreta biztea.

Euskaraz zuzenkien eta luzekien arduratu direnetariko batzu bakarrik aipatuko ditugu hemen: XVIII garren mendearen azkenetan eta XIX garrenaren lehenengotan, Gillermo Humboldt prusiar jakintsua, eta XIX eta XX garren mendeak zehar hauk dira aipagarri, beste batzuren artean: Louis Luzien Bonaparte Printzea, Van Eys eta Uhlenbeck holandarrak, Schuchardt austriarra, Dogdson ingelesa, N. Tauer txekoslovakiarra, Linschamann eta K. Bouda alemanak, Vinson eta Lafon frantsesak, eta Fita, Cejador eta Tovar espainiarrak.

Baina uste dugu inork ez duela Ramon Menendez Pidalek baino hitz ederragoz eta goragarriagoz adierazi gure hizkuntzak daukan kultur balio handia.

Ez dago dokumentu historiko agurgarriagorik dokumentu bizi hau baino, nork jakin noiztik, nork jakin oraingo klima eta aldi geologikoen aurretik, lurralde honetan iraun duen hizkuntza baino.

Beronek, bere sedimendu mendetsuetan, gure historiako problemarik ilunenak argitzeko hondar bikainak eskaintzen dizkigu.

Zoriontsuak zuek, hispaniar aintzinateko erlikiarik agurgarrienaren jabe baita zuen herria.